Mohadese
Kaixo!
Mohadese naiz, 18 urte ditut eta Afganistangoa naiz, nahiz eta Iranen jaio nintzen eta inoiz ez naizen nire herrialdean egon. Pertsona errefuxiatua naiz; hala jaio nintzen eta arazo asko ditut horregatik: jende askori ez zaio gustatzen eta askotan esaten dizute: "Ezin zara nire herrialdean egon eta edozer gauza esan diezazuket hau nire herrialdea delako eta...".
Arazo asko izan nituen eskolan Iranen; alde handiak zeuden Afganistango ikasleen eta Irango ikasleen artean. Ni eta nire anai-arrebak Iranen jaio ginen arren, ez genuen ez pasaporterik ez antzekorik. Nire aita Iranen hil zen eta horren ondoren bizitza askoz zailagoa egin zitzaigun eta ezin izan genuen Iranen jarraitu.
Lehendabizi Turkiara iritsi ginen, han poliziarekin arazo asko izan genituen. Gogoan dut Turkiara iritsi ginenean poliziari beldur handia geniola eta haietako batek zera esan zigula: "Ongi etorri infernura". Hiru hilabete eman genituen Turkian eta gero Lesbosera joan ginen, Grezian. Hara iritsi ginenean, ez nuen ezer ulertzen. Oso zaila izan zen niretzat, ez nuen horrelakorik espero Europan. Errefuxiatuen kanpamentua ikusi nuen lehen aldian, han nola bizi gintezkeen pentsatu nuen... baina egin genuen.
Erokeria izan zen guretzat. Kanpin-denda txiki batean geunden, oihanean, kanpamentutik kanpo, jende gehiegi zegoelako. Kanpamentuko linboan ahultzen ari ziren errefuxiatuak, asiloa lortzea espero zutenak. Urtebete eman genuen han. Arazoak izan genituen janariarekin, komunekin, dutxekin, kanpamentuan lan egiten zuen jendearekin edo kanpamentutik gertu bizi zen jendearekin.
Arazo asko daude denbora guztian:
Errefuxiatuak eta arrazakeria
Errefuxiatuak eta gobernua
Errefuxiatuak eta...
Guztiok esan nahi dugu gu ere gizakiak garela, Europako pertsona guztiak bezala, eta gure herrialdean segurtasunik ez badugu, herrialde “on” batean jaio eta bizitzea egokitu ez zaigulako, ez garela errudunak. Bakean bizi nahi dugu, besterik ez!
Orain Atenasen nago familiarekin eta 9 hilabete daramatzagu hemen. Baina elkarrizketarako datarik ere ez dugu. Eta ez dakigu zer gertatuko den gure bizitzekin. Zain gaude eta oraindik ez dakigu ezer...
Benetan espero dugu baldintzak gero eta hobeagoak izatea herrialde guztietan bizi diren edozein herrialdetako errefuxiatu guztientzat.
Mila esker arreta jartzeagatik!
Maitasunez,
Mohadese