email

         

123 Street Avenue, City Town, 99999

(123) 555-6789

email@address.com

 

You can set your address, phone number, email and site description in the settings tab.
Link to read me page with more information.

BERRIAK

"UN CUERPO SIN INSTRUCCIONES" POEMA-LIBURUAREN AURKEZPENA DONOSTIAN

EREI

Yesenhia Elyane Villanueva Carrizoren “Un cuerpo sin instrucciones” poema-liburuaren aurkezpena izango dugu azaroaren 21ean, ostegunean, arratsaldeko 20:00etan Donostiako Re-Read liburu dendan (Segundo Izpizua, 13).

Poema-liburuak hainbat gai jorratzen ditu: osasun mentala, migrazioa, depresioa eta antsietatea. Eta bakoitzak bere gorputzarekin duen sendatze eta ulertze prozesuaren inguruan ere hitz egiten du.

Yesenhia jatorri argentinarrak dituen gazte bat da eta txikitatik eduki izan du lotura estua musika, dantza eta interpretazioarekin. Baina inoiz ere ez idazketarekin, 13 urterekin gaztelaniako irakaslearen bitartez idazten hasi zen arte. 16 urterekin argitaratu zuen bere lehenengo liburua: “Un cuerpo sin instrucciones”.

Poema-liburuaren aurkezpena A Planeta-ren babesarekin eta Oñatiko udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzarekin eramango da aurrera.

TOP MANTA OÑATIN - HITZALDIA SANTA ANA ANTZOKIAN

EREI

Top Manta proiektuaren parte den Lamine Bathily Oñatin egongo da Bartzelonako mantero kolektiboaren borrokaren eta arrazakeria sozial eta estrukturalaren inguruko hitzaldi bat lehenengo pertsonan emateko.

Urriak 16, asteazkena, 19:00retan Santa Ana Antzokian.

Top Manta 2017an Sindicato de Vendedores Ambulantes de Barcelona sindikatutik sortutako arropa marka sozial eta solidario bat da. Mantero kolektiboaren bizi baldintzak hobetzeko helburuarekin sortutako marka bat da. Izan ere, urte askotan Bartzelonan lanean egondako saltzaile ibiltariak (vendedores ambulantes) jazarriak izan dira poliziarengatik, hainbat partidu politikoengatik eta moda enpresa handiengatik. Horri aurre egiteko sortu zen Top Manta, komunitate honen etorkizuna bermatzeko, hauei migratzea derrigortzearen ordez. Egun, Top Manta irizpide etiko eta jasangarriak dituen proiektu bat da eta besteak beste, 120 pertsonek beraien paperak eduki eta Manta uztea ahalbidetu du.

Hitzaldi hau Oñatiko udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzazioari esker eramango dugu aurrera.

"34 LEIHO AFGANIARRAK" KONTZERTU-EMANALDIA OÑATIN

EREI

Elena Yaqubee musikari eta aktibista afganiarraren eta Fabio Joel Tunno musikari, antzezle eta kultura ikerlari italiarraren “34 leiho afganiarrak” kontzertu-emanaldiaz gozatzeko aukera izango dugu Oñatiko Lazarraga lorategian.

Uztailak 3, arratsaldeko 19:00etan, Oñatiko Lazarraga lorategian

34 zenbakiak Afganistango 34 probintziei egiten die erreferentzia eta hauetako bakoitzean kultura, tradizio, musika eta historia desberdinak daude deskubritzeko. Entzule bakoitzari leihoak ireki eta ahaztuta dagoen lurralde honetako errealitatea deskubritzeko aukera ematea da helburua. Ondorengo gaien inguruan arituko dira: gerra, biolentzia, terrorismoa, emakumeen eskubideak, errefuxiatuen ihes egiteko prozesua, Europara bidaia, itxaropena, ametsak, etab.

Emanaldiaren helburua Afganistango errealitatea erakustea da eta biolentzia eta zapalkuntza kondenatzea. Proiektu honek Afganistanen gertatzen ari denaren errealitate gordina deskribatu nahi du eta era berean, itxaropenaren hazia hedatu nahi du. Badakigu arteak mundua astintzeko eta berreraikitzeko ahalmena duela.

Emankizunak arte desberdinak biltzen ditu: musika, poesia, jarduna, istorioak kontatzea, argazkigintza eta bideoak partekatzea. Arte hauek guztiak bakea, justikiza eta elkartasunaren bitarteko izango dira.

Emanaldi hau Oñatiko Udal Kultura sailaren “Kalean” egitarauaren baitan programatu da eta dohainik izango da.

EREI elkarteak antolatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Oñatiko Udalaren dirulaguntzen babesarekin.

AFGANISTANGO EMAKUMEEN ESKUBIDEAK: EMANALDIA ETA SOLASALDIA

EREI

Elena Yaqubee musikari eta aktibista afganiarrak eta Fabio Joel Tunno musikari eta antzezle italiarrak sortutako “Whirling” bideo musikalaren emanaldia eramango dugu aurrera Donostiako Gros auzoko ReRead liburu dendan.

Uztailak 4, osteguna, 20:00etan. Donostiako ReRead liburu dendan (Segundo Izpizua kalea, 13)

15 minutu irauten dituen bideo musikalak Afganistango emakumeen eskubideen inguruan dihardu eta bideoaren ondoren solasaldia sustatuko da bi artistekin, Afganistango egoeraren inguruan hitz egiteaz gain, emakumeen eskubideak jorratu eta migrazioaren eta emakume bezala erbestean bizitzearen inguruan solasteko.

Gainera, bi artistak beraien gitarrekin egongo dira eta zuzenean abesti batzuk entzuteko aukera ere izango dugu.

Emanaldi eta solasaldi hau A planeta-ren babesarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzaren bitartez eramango dugu aurrera.

EREI OÑATI IRRATIAN

EREI

EREI elkarteko Arantzazu eta Miren Zubeldia Plazaola Oñati Irratian egon dira. Hotz Oñati elkartearekin batera Oñatiko Kultur Etxean antolatutako Nadia Ghulam-en hitzaldia abiapuntu hartuta, esku artean dituzten proiektuen inguruan ere hitz egin dute. Besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiko dirulaguntzaren bitartez 2024. urtean kulturarteko bizikidetzari buruz aurrera eramaten ari diren ikerketa lanari buruz ere aritu dira.

NADIA GHULAM-EN HITZALDIA OÑATIN

EREI

Nadia Ghulam aktibista eta idazle afganiarraren eskutik Afganistango egoera eta hango emakumeen eskubideen inguruko hitzaldia Oñatin.

Nadia Ghulam Kabul-en (Afganistan) jaio zen 1985ean eta gerra zibilaren eta erregimen talibanaren ondorioak bizi izan zituen. 10 urtez bere burua mutiltzat aurkeztuz aurrera egin zuen, bere familia elikatzeko. GKE batekin egindako elkarlanari esker Kataluniara iritsi zen eta han bizi da duela urte batzuetatik.

Ekainak 4, arratsaldeko 19:00etan, Oñatiko Kultur Etxean

EREI Elkarteak (Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzaren babesarekin) eta Hotz Oñatik antolatuta.

“THE BOAT” ANTZEZLANAREN EMANALDIA ETA ONDOREN BERE ZUZENDARI ETA AKTORE BATEKIN SOLASALDIA

EREI

2021ean Greziako Lesbos uhartean sortu, antzeztu eta zabaltzeko asmoarekin grabatutako antzezlana da “The Boat”. Grezian dauden edota egon diren pertsona errefuxiatu eta migratzaileek osatzen duten “The Boat collective” izeneko taldeak sortu eta antzeztutako antzezlana, hain zuzen ere.

Antzezlanak pertsona errefuxiatuek Europara iristeko egin behar duten bidaiaren inguruan hitz egiten du, hitzik erabili gabe. Bere zuzendari eta aktore guztiak migrazio prozesuetan murgilduta daude eta horrek errealitate migratzaileen alor hau, bidaiarena, lehengo pertsonan kontatzea ahalbidetzen du.

Emanaldiaren ondoren, bere zuzendaria den Iman Alidoosti Shahraki iraniarra eta antzezlanean aktorea den Masume Husseini emakume afganiarra bertan egongo dira. Antzezlanaren nondik-norakoak azaltzeaz gain, publikoarekin errealitate migratzaileen eta Giza Eskubideen inguruko solasaldia sustatuko da.

Urriak 25, 19:00etan Oñatiko Kultur Etxean. (Adi! Zerbitzu publikoen greba dela eta, Oñatiko Eltzia eraikinean izango da! (3. solairuan)

Urriak 26, 18:30etan Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan.

EREI elkarteak antolatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Oñatiko Udalaren dirulaguntzen babesarekin.

ASILO PROZESUAREN ERRONKAK EUROPAKO HARRERA-HERRIALDE NAGUSIETAN: JATORRIA ETA ERANTZUNAK

EREI

EREI elkarteak Europako harrera-herrialde nagusietan, hots, Alemania eta Frantzian, ikerketa lan bat burutu du, lehenengo pertsonan eta genero ikuspuntu eta ikuspuntu global batetik. Horretarako, pertsona errefuxiatuak elkarrizketatu ditu Alemania eta Frantzian. Ikerketa lanak harrera-herrialdeetako egoera jorratzeaz gain, jatorrizko herrialdeetako errealitatea ere lantzen du, batez ere Afganistan eta Irangoa. Bestalde, migrazio testuinguruetan sortzen diren ekimenak ezagutarazten ditu.

Elkarrizketatutako bi pertsona errefuxiatu online konektatuko dira eta Europako errealitate migratzaileen inguruan eta beraien ekimen eta aktibismoen inguruan hitz egingo dute, gerturatutako guztiekin solasaldi bat sustatuz. Hauen hitzak euskara edota gaztelerara itzuliak izango dira.

Non: Okendo Kultur Etxeko areto nagusian.

Noiz: Ekainak 14, asteazkena, arratsaldeko 19.00etan.

EREI elkarteak antolatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzaren babesarekin.

ALEMANIAKO ERREALITATE MIGRATZAILEAK LEHENENGO PERTSONAN ETA GENERO IKUSPUNTU BATETIK

EREI

Azkenengo asteetan Alemania eta Frantziako errealitate migratzaileak ezagutzen aritu gara, lehenengo pertsonan eta genero ikuspuntu batetik.

Alemanian, jatorrizko herrialde desberdinetatik datozen hainbat pertsonekin hitz egin dugun arren, gehiengoak pertsona afganiarrak izan dira, egun Alemaniako leku desberdinetan bizi direnak: Frankfurt, Düsseldorf, Berlin, Leipzig...

Pertsona exiliatuen egoera eta zailtasunen berri eman eta zailtasun hauei aurre egiteko sortu dituzten proiektu eta aktibismoen inguruan hitz egin digute:

ALEMANIAN ZAILTASUNAK...

  • Asiloa eskatzen duzun momentutik kanpamentu batera eramaten zaituzte. Hala ere, eskualde barruan kanpamentu batetik bestera lekuz aldatzen zaituzte behin baino gehiagotan, egoera ezegonkor bat sortuz eta inklusioa oztopatuz.

  • Arauak zorrotzak dira eta eskualde bakoitzean desberdinak.

  • Alemana ikasten hasteko denbora asko itxaron behar da, batez ere Ukraniako gerra hasi zenetik. Ukraniako errefuxiatuek lehentasuna dute eremu askotan.

  • Errefuxiatu modura, lan mundura bideratzen gaituzte, gure eskulan merkea aprobetxatzeko.

  • ...

ETA HAUEI ERANTZUNAK...

  • Emakume* errefuxiatuek emakume* errefuxiatuentzat sortutako lan taldea, bizipenak partekatu eta elkarri laguntzeko. Baita kanpamentuetan ere.

  • Afganistan eta Iranen emakumeek jasandako zapalkuntza salatzeko mugimendu ezberdinak antolatu Alemaniako hiri ezberdinetan, aktibismoa eta artearen bitartez.

  • Errefuxiatu bezala kanpamentu desberdinetara joatea, bertan dauden asilo eskatzaileei informazioa helarazi eta babesa eskaintzeko.

  • ...

Ikerketa proiektu hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzarekin ari gara aurrera eramaten.

FRANTZIAKO ERREALITATE MIGRATZAILEAK LEHENENGO PERTSONAN ETA GENERO IKUSPUNTU BATETIK

EREI

Azkenengo asteetan Frantzia eta Alemaniako errealitate migratzaileak lehenengo pertsonan eta genero ikuspuntu batetik ezagutzeko aukera izan dugu.

Frantzian, jatorrizko herrialde desberdinetatik datozen hainbat pertsonekin hitz egin dugu. Egun Frantziako leku desberdinetan bizi direnak: Paris, Caen, Vannes, Lyon...

Pertsona exiliatuen egoera eta zailtasunen berri eman eta zailtasun hauei aurre egiteko sortu dituzten proiektu eta aktibismoen inguruan hitz egin digute:

FRANTZIAN ZAILTASUNAK...

  • Frantzian asilo eskatzaile asko kalean bizi behar dira lehenengo hilabeteetan. Gobernuaren erantzuna oso motela da, eta kasu askotan hilabeteak itxaron behar dituzte lo egiteko leku bat izan arte.

  • Asilo eskatzaile bezala osasunerako sarbidea zaila da. Hilabeteak itxaron behar dira aseguru bat izan arte.

  • Gobernuak ez du eskaintzen frantsesa ikasteko ikastarorik.

  • ...

ETA HAUEI ERANTZUNAK...

  • Aktibismo askok aniztasunean bizikidetza sustatzea dute helburu.

  • Artearen bitartez jatorrizko-herrialdea den Afganistanen emakumeen eskubideen urraketa salatzea.

  • Bizipenak kontatuz pertsona errefuxiatuen egoera ikusaraztea.

  • ...

Ikerketa proiektu hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzarekin ari gara aurrera eramaten.

EREI EUSKADI IRRATIAN

EREI

EREI elkarteko Miren eta Arantzazu Zubeldia Plazaola Euskadi Irratiko Faktoria saioan egon dira EREI elkartearen inguruan hitz egiten. Elkartearen sorreratik hasi eta orain arte aurrera eraman dituzten ekintza batzuen inguruan ez ezik, hurrengo hilabeteetan esku artean dituzten proiektuei buruz ere hitz egin dute. Besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiko dirulaguntza jaso duen eta 2023. urtean Frantzia eta Alemanian burutuko duten ikerketa lan bati buruz ere aritu dira.

"ASH" LABURMETRAIA HERNANIKO KULTURARTEKO PLAZA FEMINISTAN

EREI

ASH (errautsa) laburmetrai eta tele-antzerkia Greziako Lesbos uharteko Moria errefuxiatuen kanpamentua erre ondoren grabatu zen bertan. Yadullah Mousawi errefuxiatu afganiarra da bere zuzendaria eta emakume afganiarren borroka islatzen du hitzik gabeko arte eszeniko baten bitartez. Asturiaseko Giza Eskubideen zinemaldian estreinatu zen ASH: MUSOC (Muestra de Cine Social y Derechos Humanos).

Emanaldiaren ondoren, bere zuzendaria den Yadullah Mousawi-rekin solasaldia egongo da online konexio baten bitartez eta grabaketa eta edizio lanak egin zituen Iñaki Agirre kazetari donostiarra bertan egongo da.

NON: Kulturarteko Plaza Feminista, Hernani.

NOIZ: Azaroak 29, asteartea, 19:00etan.

EREI elkarteak antolatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzaren babesarekin.

SINOPSIA

Afganistango emakumeek hainbat atmosferatan borrokatzen dute: biziraupenaren borroka da, giza eskubideen pribilegio oinarrizkoena. Drama honetako emakumeek ez dute gizonen aurka erasotzen, ezta istorioa kritikatzen ere. Beren burua aldatzen dute mundua aldaketara eramateko, eta hori ez da posible sakrifiziorik eta heriotzarik gabe. Inposizioz, umiliazioz eta diskriminazioz asmatutako su batean erretzen dira. Bere errautsak bere gudu eta debozioen lekuko dira.

Hitzik gabeko arte eszeniko honek ekialdeko arteari jarraitzen dio eta mendebaldeko keinuak konbinatzen ditu. Interpreteen egoerak, desplazatutako errefuxiatu baten hitzak eta asilo-eskatzaile ibiltari baten ahotsa jasotzen ditu.

TRAILERRA

“NOTHING ABOUT US WITHOUT US” DOKUMENTALAREN EMANALDIA ETA ZUZENDARI AFGANIARREKIN SOLASALDIA DONOSTIAN

EREI

“Guri buruz ezer ez gu gabe” Refocus Media Labs-en dokumentala Greziako Lesbos uhartean grabatuta dago eta uharteko errealitate migratzaileen inguruan hitz egiten du. Protagonistak zinemagintzan diharduten eta uhartean bizi diren pertsona errefuxiatu eta migratzaileak dira eta lehenengo pertsonan ematen dute ezagutzera Lesboseko egoera.

Dokumentalaren zuzendariak Nazanin Froghi eta Yaser Akbari kazetari eta errefuxiatu afganiarrak dira eta emanaldiaren ondoren solasaldi bat egongo da beraiekin online konexio baten bitartez. Dokumentalaren nondik-norakoak elkarbanatu eta kazetari afganiar eta errefuxiatu bezala dituzten zailtasunen inguruan hitz egingo dute, baita genero ikuspuntu batetik ere. Zuzendarien hitzak euskara edota gaztelerara itzuliak izango dira eta dokumentalak azpitituluak izango ditu gazteleraz.

Non: Okendo Kultur Etxeko areto nagusian.

Noiz: Azaroak 22, asteartea, arratsaldeko 19.00etan

EREI Elkartasunerako Elkarteak antolatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzaren bitartez.

ARGAZKI ERAKUSKETA OÑATIKO ELTZIA TABERNAN

EREI

?WHYBORDERS eta Arash Hampay-ren eskutik mugen inguruko argazki erakusketa Oñatiko Eltzia tabernan urriaren 20tik azaroaren 20ra.

?WHY|BORDERS artista errefuxiatuek sortutako ekimen kritiko bat da, mugak zalantzan jartzen dituena. Bere sortzaileetako bat Arash Hampay da, aktibista eta argazkilari iraniarra.

Erakusketa Arash Hampay-ren argazkiek, Neda Torabi argazkilari afganiarraren argazkiek eta Parwana Amiri aktibista eta poeta afganiarren poemek eratzen dute.

Urriaren 20an, ostegunean, arratsaldeko 19:00etan Arash Hampay-ren eskutik inaugurazio ekitaldia egongo da Eltzia tabernan, erakusketari hasiera eman eta mugen eta prozesu migratzaileen inguruan hitz egiteko asmoarekin.

EREI elkarteak antolatuta, Hotz Oñati eta Oñatiko udalaren babesarekin.

NADIA GHULAM DONOSTIA ETA OÑATIN

EREI

Giza Eskubideen defendatzaile, aktibista eta idazle afganiarra den Nadia Ghulam-en eskutik hitzaldi autobiografikoa.

Nadia Ghulam Kabul-en (Afganistan) jaio zen 1985ean eta gerra zibil baten, gosearen eta erregimen talibanaren ondorioak bizi izan zituen. Hala ere, aurrera egin zuen bere buruargitasun eta kemenari esker, 10 urtez bere burua mutiltzat aurkeztuz, bere familia elikatzeko. GKE batekin egindako elkarlanari esker Kataluniara iritsi zen eta han bizi da duela urte batzuetatik.

Urriak 4, 19:00etan Donostiako Okendo Kultur Etxean.

Urriak 5, 19:00etan Oñatiko Kultur Etxean.

EREI Elkartasunerako Elkarteak antolatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzaren bitartez.

ASH LABURMETRAIA OÑATIKO KULTUR ETXEAN

EREI

Afganiar errefuxiatua den Yadullah Mousawi-k zuzendutako ASH (errautsa) laburmetraiaren emanaldia izango dugu Oñatiko Kultur etxean, Hotz Oñati eta EREI Elkartasunerako Elkartearen eskutik. Emanaldiaren ondoren, Yadullah Mousawi-rekin online konexio zuzena ezarriko dugu, laburmetraiaren nondik-norakoak azaldu eta berarekin hartu-emana sustatzeko.

NON: Oñatiko Kultur Etxean

NOIZ: Apirilaren 6an, arratsaldeko 7etan.

SINOPSIA

Afganistango emakumeek hainbat atmosferatan borrokatzen dute: biziraupenaren borroka da, giza eskubideen pribilegio oinarrizkoena. Drama honetako emakumeek ez dute gizonen aurka erasotzen, ezta istorioa kritikatzen ere. Beren burua aldatzen dute mundua aldaketara eramateko, eta hori ez da posible sakrifiziorik eta heriotzarik gabe. Inposizioz, umiliazioz eta diskriminazioz asmatutako su batean erretzen dira. Bere errautsak bere gudu eta debozioen lekuko dira.
Hitzik gabeko arte eszeniko honek ekialdeko arteari jarraitzen dio eta mendebaldeko keinuak konbinatzen ditu. Interpreteen egoerak, desplazatutako errefuxiatu baten hitzak eta asilo-eskatzaile ibiltari baten ahotsa jasotzen ditu.

TRAILERRA

EREI OÑATI IRRATIAN

EREI

EREI Elkartasunerako Elkarteko Miren eta Arantzazu Zubeldia Plazaola Oñati Irratian egon dira, Greziara egindako azken bidaiaren inguruan hitz egiten eta bertan aurrera eramandako elkarrizketen inguruko nondik-norakoak azaltzen. Besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatutako proiektuaren inguruan eta pertsona errefuxiatu eta migratzaileek Grezian bizi duten errealitatearen inguruan hitz egiten dute.

PERTSONA MIGRATZAILE ETA ERREFUXIATUEN EGOERA MUNDU MAILAN

EREI

EREI elkartearen helburuetako bat fluxu migratzaileen inguruan komunikabideetan argitaratzen diren zenbakien atzean ezkutatzen diren aurpegiak ezagutarazi eta hauei ahotsa ematea da. Hori dela eta, errealitate migratzaile hauek lehenengo pertsonan bizi duten pertsonekin elkarlana egiten dugu. Hala ere, pertsona migratzaile eta errefuxiatuen egoerari buruzko irudi orokor bat izateko, zenbakiak aztertu eta komunikatzea ere garrantzitsua dela uste dugu.

Horregatik aztertu ditugu Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziak (ACNUR) eta Espainiako barne-ministerioak argitaratutako datuak. Datu hauek ulertu ahal izateko, garrantzitsua iruditzen zaigu asiloa eskatzen duten pertsona eta pertsona errefuxiatuen arteko ezberdintasuna zein den azaltzea.

Asiloa eskatzen duten pertsonak errefuxiatu kondizioa aitortzeko eskaera bat aurkeztu dutenak dira. Asilo-eskaerak banan-banan aztertu behar dira eta asiloa eskatzen duten pertsonak behin betiko ebaluazio baten zain egon behar dira. Ebaluazio honetan erabakitzen da asiloa eskatzen duen pertsonak nazioarteko babesa “behar” duen ala ez. Bestalde, 1951ko Ginebrako Hitzarmenean aipatzen denez, pertsona errefuxiatua arraza, erlijio, herritartasun, iritzi politiko, genero edo sexu-orientazio edota gizarte talde jakin bateko kide izateagatik jazarria izatearen beldur fundatua edukitzearen ondorioz, bere jaioterritik kanpo joan eta bueltatu ezin den pertsona da edo beldur horiengatik bere herriaren babespean geratu nahi ez duena.

Hortaz, nazioarteko babesa bilatzen duten asilo eskatzaileak errefuxiatuaren estatutua emateko lehenik eta behin eskaera formala egin behar du. Eskaera hau Asilo eta Babes Bulegoan bideratzen da, eta bertan ebazten da izapidetzea onartzen den edo ukatu egiten den. Kasu batzuetan, asilo eskaeraren azterketak eta ebazpenak hilabete edo urte batzuk iraun ditzake. Hau da Europako mugetan gertatzen ari dena azken urteetan.

Pertsona orok bere jatorriko herrialdetik edo ohiko bizilekutik kanpo nazioarteko babesa bilatzeko eskubidea duela azpimarratzea garrantzitsua iruditzen zaigu. Asilo eskubidea funtsezko giza eskubidea da, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 14.artikuluan bildutakoa.

ACNURek 2020. urtearen amaieran bildutako datuen arabera, 82,4 milioi pertsona zeuden mundu mailan indarrez desplazatuta, jazarpenen, gatazken, indarkeriaren, giza eskubideen urraketen edo ordena publikoa asaldatu zuten gertaeren ondorioz: 48 milioi pertsona barne desplazatu, 26,4 milioi errefuxiatu (ACNUR eta UNRWA Ekialde Hurbileko Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziaren agindupean), eta 4,1 milioi pertsona asilo eskatzaileak.

2020. urtearen amaieran, errefuxiatuen %68a 5 herrialdetatik etorri zen: Siriatik (6,7 milioi), Venezuelatik (4 milioi), Afganistanetik (2,6 milioi), Hego Sudanetik (2,2 milioi) eta Myanmarretik (1,1 milioi). Bestalde, errefuxiatuen %39a 5 herrialdek hartu zituzten: Turkiak (3,7 milioi), Kolonbiak (1,7 milioi), Pakistanek (1,4 milioi), Ugandak (1,4 milioi) eta Alemaniak (1,2 milioi).

Espainiaren kasuan, 2020. urtearen amaieran 207.064 pertsona zeuden indarrez desplazatuta; horietatik 103.679 errefuxiatuak ziren eta 103.385 asilo-eskatzaileak. Jatorrizko herrialde nagusiak Venezuela (94.705), Kolonbia (24.720) eta Siria (16.205) izan ziren. Espainiaren kasuan, asilo-eskatzaileen kopurua handiagoa da errefuxiatuen kopurua baino, joera orokorrarekin alderatuta.

2020an, 41.861 pertsona iritsi ziren Espainiara Mediterraneo Itsasotik eta Kanariar Uharteetatik; 2019an berriz, 32.513 pertsona heldu ziren. 2020an, 40.326 pertsona (%96) iritsi ziren itsasoz, eta 1.535 pertsona (%4) lehorretik, Ceuta eta Melillaren bitartez. Espainiara iritsi ziren pertsonen %80a gizonak izan ziren. Ibilbidean 809 pertsona hil edo desagertu ziren, aurreko urtean baino %18 gehiago. Estatu espainiarrera iristea lortu zuten bost nazionalitate nagusiak honako hauek izan ziren: Aljeria (%39), Maroko (%20), Mali (%13), Ginea (%8) eta Boli Kosta (%7) [1]

2021eko datuei dagokienez (irailaren amaierara arte), 28.304 pertsona iritsi ziren Espainiara itsasoan barrena. 13.292 pertsona iritsi ziren Kanariar Uharteetara, eta 8.746 pertsona Andaluziara. Bestalde, 2.468 pertsona iritsi ziren lehorretik Ceuta eta Melillara[2].

Asilo-eskaerei dagokienez, 2020an, 88.762 pertsonak eskatu zuten asiloa Espainian, eta 68.435 pertsonaren asilo-eskaerak ukatuak izan ziren. 4.360 pertsonek baino ez zuten lortu errefuxiatu estatusa.  Asilo-eskaerak aurkeztu zituzten pertsonen jatorrizko herrialde nagusiak honako hauek izan ziren: Venezuela (28.365), Kolonbia (27.576), Honduras (5.536), Peru (5.162) eta Nikaragua (3.750). Errefuxiatu estatutua jaso zuten pertsonen jatorrizko bost herrialde nagusiak hauek izan ziren: Nikaragua (1.117), Honduras (688), Kolonbia (624), Siria (529) eta El Salvador (41). Bestalde, asilo-eskaerak aurkeztu zituzten 88.762 pertsonetatik 40.726k Espainian aldi baterako bizitzeko baimena lortu zuten, arrazoi humanitarioengatik. Baimen horrek urteko iraupen berriztagarria du, eta salbuespenezko zirkunstantziengatik aldi baterako bizileku-baimen salbuespenezkoa da. Baimen hori lortu zuten pertsona gehienak Venezuelatik etorritakoak izan ziren (40.396) [3].

2021eko datuei dagokienez, urtarriletik abuztuaren 31ra, 35.728 pertsonak eskatu zuten asiloa Espainiako estatuan, eta 34.317 eskaera atzera bota zituzten. 8 hilabeteetan, 2.924 pertsonak baino ez zuten lortu errefuxiatu estatutua. Hauek izan ziren asilo-eskatzaileen jatorrizko bost herrialde nagusiak: Venezuela (6.488), Kolonbia (5.427), Maroko (4.212), Mali (3.334) eta Senegal (2.418). Errefuxiatu izaera lortu zuten pertsonen jatorrizko bost herrialde nagusiak, berriz, honako hauek izan ziren: Kolonbia (912), Mali (534), Ukraina (419), Nikaragua (663) eta Honduras (395). 8.754 pertsonek lortu zuten aldi baterako bizileku-baimena Espainian arrazoi humanitarioengatik, gehienak Venezuelatik[4].

Greziaren kasuan, 2021eko irailaren amaieran, 164.009 pertsona daude indarrez desplazatuta; horietatik 103.136 errefuxiatuak dira eta 60.873 asilo-eskatzaileak. Joera orokorrarekin alderatuta, Grezian asilo-eskatzaileen kopurua handiagoa da pertsona-kopuruagatik. Joera horrek Greziako mugan bizi den errealitatea islatzen du; izan ere, milaka pertsona harrapatuta geratzen dira hilabeteetan edo urteetan, asilo-prozesuak noiz ebatziko zain.

Greziaren kasuan, errefuxiatuen jatorrizko hiru herrialde nagusiak Siria (36.448), Afganistan (21.456) eta Irak (11.840) dira. Asiloa eskatzen duten pertsonen kasuan, jatorrizko hiru herrialde nagusiak Afganistan (19.70), Siria (5.965) eta Pakistan (5.423) dira[5].

Bestalde, 6.350 pertsona iritsi dira Greziara 2021ean (urriaren hasierara arte), 2.373 itsasoz eta 3.977 lurretik[6]. Greziako mugetatik Europara iritsitako errefuxiatuen eta migratzaileen kopuruak behera egin du azken urteotan, Greziako Gobernuak Greziako mugak itxi dituelako, Europar Batasunak babestuta. 2015ean, 861.630 pertsona iritsi ziren Greziara; 2020an, berriz, 15.696 pertsona. Joerek adierazten dute aurten kopurua are txikiagoa izango dela.

Datu hauek, Europako mugetan gertatzen dena aztertzerako orduan kritikoagoak izateko eta hobeto ulertzeko aukera ematen digutela uste dugu. Kasu honetan, Espainian eta Grezian zentratu gara. Espainian, hurbiltasunagatik. Grezian berriz, elkarlana egin dugun pertsonak bertako mugetan aurkitzen direlako. Izan ere, EREIrekin beraien esperientzia pertsonalak partekatu dituztenen gehiengoak Greziako mugetatik egin dute. Horrela, zifrak eta istorio pertsonalak bateratuz, errealitate migratzaileak modu integralago batean ulertzen lagun diezagukeela uste dugu.

 

[1]https://data.unhcr.org/en/documents/details/84312

[2]https://data.unhcr.org/en/situations/mediterranean

[3]http://www.interior.gob.es/documents/642012/11504833/Avance_proteccion_internacional_2020_12_31.pdf/8f090c81-6b54-46fc-9ebd-858dc419869e

[4]http://www.interior.gob.es/documents/642012/13036726/Avance_proteccion_internacional_2021_08_31.pdf/a49e84c1-1e2b-4aff-980e-c6145caedcbd

[5]https://data.unhcr.org/en/documents/details/88966

[6]https://data.unhcr.org/en/situations/mediterranean/location/5179

ARGAZKI ERAKUSKETA OÑATIN ELTZIAKO TOPAGUNEAN

EREI

Kartela_eus.jpg

Argazki erakusketa hau Greziako Lesbos uhartean errefuxiatu egoeran bizi den Yousef Alshewaili argazkilari irakiarraren argazkiek osatzen dute. EREI Elkartasunerako Elkarteak antolatu du, Ilunpetan taldearekin elkarlanean, eta Bizipoza ekimenaren barruan, Lesboseko errefuxiatu kanpamendutan bizi den egoera gizarteratu, ikusarazi eta salatzeko helburuarekin.

“Nire izena Yousif da eta 21 urteko errefuxiatua naiz. Irak-etik ihesi, 2018ko otsailean iritsi nintzen Greziara eta geroztik, Lesbos nere bizileku bilakatu da. Uhartea ez da beti atsegina izan. Ez nekien zenbaterainoko zailtasunak topatuko nituen nire prozesuan zehar, ezta horrenbeste aparteko momentu biziko nituenik ere. Guzti honen artean nirekin jarraitu duena pertsonen aurpegiak izan dira, euren istorioak, bai onak eta txarrak. Kamararen atzean jartzea izan da askotan irtenbidea niretzat, baina Morian bizi izan nintzen denbora hartan alde batera utzi nuen. Ez nuen begiratu nahi, ez sufrimendua, ez mina, ez haserrea ikusi nahi ere. Egun batean aski izan zen, jendearen istorioa kontatu nahi nuen.

Polita, tristea edo itsusia dena kontatu nahi dizuet, barrutik. Ikusiko dituzuen argazki askotan jende xumea ageri da, noraezean dabiltzan arima errugabeak. Baina garrantzitsuak dira, ikusaraziak izan behar dute. Beste argazki batzuk istorio bat kontatzeko duten pertsonak dira, itxaropen edo etsipenez betetako begiak.

Gure historia kontatu nahi diot munduari, duintasuna eta indarra kendu gabe, bizitako sufrimendua, zailtasunak eta erronkak erakutsi.

Espero dut nire lana gustokoa izango duzuela."