Taher Hussaini
Nire biografia mikatza
Istorio hau futbol taldeko kapitain bezala aukeratu nindutenean hasten da. Eskolako taldeak eta entrenatzaileak aukeratu ninduten. Inguru bereko lau eskolen artean futbol partida bat antolatu zen. Aste bat bakarrik izan genuen entrenatzeko eta gero taldeka jokatu genuen. Azkenean, partidak hasi ziren. Nire apartekotasuna dela eta irabazi genuen partida: Taher Hussaini. Partida hartan bi gol sartu nituen eta horregatik irabazi zuen gure taldeak. Baina aurkako taldeko entrenatzailea kexatu egin zen, gure taldeko jokalaria afganiarra zela esanez eta afganiar batek lortutako puntuek balorerik ez zeukatela esanez. Hori dela eta, arbitroek partidaren emaitza aldatu zuten, 3-0 beraien alde. Atsekabe handia sentitu nuen. Guztiok gara gizakiak eta batzuk ez dugu besteak baino nagusitasun gehiagorik. Baina pertsonen nazionalitateari nagusitasuna eman zioten.
Egun hartan, horrelako gertakari mikatzaren ondoren, futbolarekiko neukan motibazio sentimendua desagertu egin zen eta nire bihotzeko sentipena aldatu egin zen. Iran gorrotatu nuen, arrazakeria hau ez baita munduko beste inon existitzen. Gertakari horren ondoren, eskola utzi eta lanean hastea erabaki nuen .
Gogor egin nuen lan Europarako nire bidaia ordaintzeko, bertan nire talentuak erabili eta nire ametsak lortzea posible izango zelakoan. Suedian zegoen nire anaiak Europara etortzeko esan zidan eta baita ere hemen futbolean jokatzen saiatzeko, bertan emaitza onak lortuko nituelakoan. Tarte bat nuen bakoitzean, gimnasiora joaten nintzen eta areto-futbolean jokatzen nuen. Futbola nire parte garrantzitsu batean bilakatu zen. Esfortzu eta praktika askoren ostean, hiriko lehiaketetan parte hartzea lortu nuen. Baina pribilegio hau izan ahal izateko nire afganiar identitatea ezkutatu behar nuen.
Partidetako batean, belaunean arazo bat izan nuen. Belauneko tendoiek arazo bat izan zuten eta min horrek ez zidan futbolean aurrera egiten utzi. Lanik ere ezin nuen egin. Diru-zailtasunak zirela eta, nire belaunerako tratamendurik egiteko aukerarik ez nuen izan.
Egun batean osatuko nitzelakoan eta nire helburuak eta ametsak berriz ere lortuko nituen itxaropenarekin, migratzea erabaki nuen. Nire familia atzean utzi eta bidaia hasteko eguna oso zaila izan zen. Nire amaren begiak malkoz blai eta aitaren aurpegia nahigabez ikustea oso gogorra izan zen. Baina nire ametsak eta helburu guztiak lortzeko borroka egin behar nuen eta min hau dena pairatu.
Turkia eta Iraneko mugara kotxez etorri nintzen eta horren ondoren, 13 ordu igaro nituen mendietan barrena oinez. Oinez ibiltzea izugarria izan zen niretzat, belaunean arazo bat bainuen. Belaunak min asko ematen zidan eta Turkiara oso arazo larriekin iritsi nintzen. Bi hilabete igaro nituen Turkian eta bi hilabete hauetan parketan bizi eta lo egin nuen berrogei egunez. Turkia eta Greziako uretan barrena hiru aldiz arriskatu ondoren, Greziara heltzea lortu nuen.
Bi urte daramatzat Greziako Lesbos uharteko Moria kanpamentuan. Bi urte hauek mende bat bezain luze eta zailak izan dira niretzat. Nire elkarrizketaren erantzuna negatiboa da eta bi hilabetez egon naiz bigarren erantzunaren zain. Bizitzarekiko dudan ikuspuntua aldatu egin da. Bizitzen jarraitzeko motibaziorik ez duen eta askatasuna zer den ulertu ezin duen preso bat naiz.
Nire belauneko arazoa dela eta, Frantziako, Alemaniako eta Holandako Mugarik Gabeko Medikuengana joan nintzen Morian eta mediku espezialista batek tratatu behar ninduela esan zidaten. Baina orain arte nire belaunaren erresonantzia magnetiko bat egiteko aukera ere ez dut lortu. Medikuek ez dute ezer egin eta ez dut inongo laguntza ekonomikorik. Ez dut ez gogo ezta motibaziorik ere, eta futbol jokalari baten bilakatzeko nahia galdu dut.
Afganistaneko mutil bat naiz eta 20 urte ditut. Nire bizitzaren gertakari mikatzen inguruan idatzi nahi nuen. Adierazi ezin den nire bihotzeko minaren inguruan idaztea erabaki dut.
Taher, Hussaini