email

         

123 Street Avenue, City Town, 99999

(123) 555-6789

email@address.com

 

You can set your address, phone number, email and site description in the settings tab.
Link to read me page with more information.

BERRIAK

PERTSONA MIGRATZAILE ETA ERREFUXIATUEN EGOERA MUNDU MAILAN

EREI

EREI elkartearen helburuetako bat fluxu migratzaileen inguruan komunikabideetan argitaratzen diren zenbakien atzean ezkutatzen diren aurpegiak ezagutarazi eta hauei ahotsa ematea da. Hori dela eta, errealitate migratzaile hauek lehenengo pertsonan bizi duten pertsonekin elkarlana egiten dugu. Hala ere, pertsona migratzaile eta errefuxiatuen egoerari buruzko irudi orokor bat izateko, zenbakiak aztertu eta komunikatzea ere garrantzitsua dela uste dugu.

Horregatik aztertu ditugu Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziak (ACNUR) eta Espainiako barne-ministerioak argitaratutako datuak. Datu hauek ulertu ahal izateko, garrantzitsua iruditzen zaigu asiloa eskatzen duten pertsona eta pertsona errefuxiatuen arteko ezberdintasuna zein den azaltzea.

Asiloa eskatzen duten pertsonak errefuxiatu kondizioa aitortzeko eskaera bat aurkeztu dutenak dira. Asilo-eskaerak banan-banan aztertu behar dira eta asiloa eskatzen duten pertsonak behin betiko ebaluazio baten zain egon behar dira. Ebaluazio honetan erabakitzen da asiloa eskatzen duen pertsonak nazioarteko babesa “behar” duen ala ez. Bestalde, 1951ko Ginebrako Hitzarmenean aipatzen denez, pertsona errefuxiatua arraza, erlijio, herritartasun, iritzi politiko, genero edo sexu-orientazio edota gizarte talde jakin bateko kide izateagatik jazarria izatearen beldur fundatua edukitzearen ondorioz, bere jaioterritik kanpo joan eta bueltatu ezin den pertsona da edo beldur horiengatik bere herriaren babespean geratu nahi ez duena.

Hortaz, nazioarteko babesa bilatzen duten asilo eskatzaileak errefuxiatuaren estatutua emateko lehenik eta behin eskaera formala egin behar du. Eskaera hau Asilo eta Babes Bulegoan bideratzen da, eta bertan ebazten da izapidetzea onartzen den edo ukatu egiten den. Kasu batzuetan, asilo eskaeraren azterketak eta ebazpenak hilabete edo urte batzuk iraun ditzake. Hau da Europako mugetan gertatzen ari dena azken urteetan.

Pertsona orok bere jatorriko herrialdetik edo ohiko bizilekutik kanpo nazioarteko babesa bilatzeko eskubidea duela azpimarratzea garrantzitsua iruditzen zaigu. Asilo eskubidea funtsezko giza eskubidea da, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 14.artikuluan bildutakoa.

ACNURek 2020. urtearen amaieran bildutako datuen arabera, 82,4 milioi pertsona zeuden mundu mailan indarrez desplazatuta, jazarpenen, gatazken, indarkeriaren, giza eskubideen urraketen edo ordena publikoa asaldatu zuten gertaeren ondorioz: 48 milioi pertsona barne desplazatu, 26,4 milioi errefuxiatu (ACNUR eta UNRWA Ekialde Hurbileko Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziaren agindupean), eta 4,1 milioi pertsona asilo eskatzaileak.

2020. urtearen amaieran, errefuxiatuen %68a 5 herrialdetatik etorri zen: Siriatik (6,7 milioi), Venezuelatik (4 milioi), Afganistanetik (2,6 milioi), Hego Sudanetik (2,2 milioi) eta Myanmarretik (1,1 milioi). Bestalde, errefuxiatuen %39a 5 herrialdek hartu zituzten: Turkiak (3,7 milioi), Kolonbiak (1,7 milioi), Pakistanek (1,4 milioi), Ugandak (1,4 milioi) eta Alemaniak (1,2 milioi).

Espainiaren kasuan, 2020. urtearen amaieran 207.064 pertsona zeuden indarrez desplazatuta; horietatik 103.679 errefuxiatuak ziren eta 103.385 asilo-eskatzaileak. Jatorrizko herrialde nagusiak Venezuela (94.705), Kolonbia (24.720) eta Siria (16.205) izan ziren. Espainiaren kasuan, asilo-eskatzaileen kopurua handiagoa da errefuxiatuen kopurua baino, joera orokorrarekin alderatuta.

2020an, 41.861 pertsona iritsi ziren Espainiara Mediterraneo Itsasotik eta Kanariar Uharteetatik; 2019an berriz, 32.513 pertsona heldu ziren. 2020an, 40.326 pertsona (%96) iritsi ziren itsasoz, eta 1.535 pertsona (%4) lehorretik, Ceuta eta Melillaren bitartez. Espainiara iritsi ziren pertsonen %80a gizonak izan ziren. Ibilbidean 809 pertsona hil edo desagertu ziren, aurreko urtean baino %18 gehiago. Estatu espainiarrera iristea lortu zuten bost nazionalitate nagusiak honako hauek izan ziren: Aljeria (%39), Maroko (%20), Mali (%13), Ginea (%8) eta Boli Kosta (%7) [1]

2021eko datuei dagokienez (irailaren amaierara arte), 28.304 pertsona iritsi ziren Espainiara itsasoan barrena. 13.292 pertsona iritsi ziren Kanariar Uharteetara, eta 8.746 pertsona Andaluziara. Bestalde, 2.468 pertsona iritsi ziren lehorretik Ceuta eta Melillara[2].

Asilo-eskaerei dagokienez, 2020an, 88.762 pertsonak eskatu zuten asiloa Espainian, eta 68.435 pertsonaren asilo-eskaerak ukatuak izan ziren. 4.360 pertsonek baino ez zuten lortu errefuxiatu estatusa.  Asilo-eskaerak aurkeztu zituzten pertsonen jatorrizko herrialde nagusiak honako hauek izan ziren: Venezuela (28.365), Kolonbia (27.576), Honduras (5.536), Peru (5.162) eta Nikaragua (3.750). Errefuxiatu estatutua jaso zuten pertsonen jatorrizko bost herrialde nagusiak hauek izan ziren: Nikaragua (1.117), Honduras (688), Kolonbia (624), Siria (529) eta El Salvador (41). Bestalde, asilo-eskaerak aurkeztu zituzten 88.762 pertsonetatik 40.726k Espainian aldi baterako bizitzeko baimena lortu zuten, arrazoi humanitarioengatik. Baimen horrek urteko iraupen berriztagarria du, eta salbuespenezko zirkunstantziengatik aldi baterako bizileku-baimen salbuespenezkoa da. Baimen hori lortu zuten pertsona gehienak Venezuelatik etorritakoak izan ziren (40.396) [3].

2021eko datuei dagokienez, urtarriletik abuztuaren 31ra, 35.728 pertsonak eskatu zuten asiloa Espainiako estatuan, eta 34.317 eskaera atzera bota zituzten. 8 hilabeteetan, 2.924 pertsonak baino ez zuten lortu errefuxiatu estatutua. Hauek izan ziren asilo-eskatzaileen jatorrizko bost herrialde nagusiak: Venezuela (6.488), Kolonbia (5.427), Maroko (4.212), Mali (3.334) eta Senegal (2.418). Errefuxiatu izaera lortu zuten pertsonen jatorrizko bost herrialde nagusiak, berriz, honako hauek izan ziren: Kolonbia (912), Mali (534), Ukraina (419), Nikaragua (663) eta Honduras (395). 8.754 pertsonek lortu zuten aldi baterako bizileku-baimena Espainian arrazoi humanitarioengatik, gehienak Venezuelatik[4].

Greziaren kasuan, 2021eko irailaren amaieran, 164.009 pertsona daude indarrez desplazatuta; horietatik 103.136 errefuxiatuak dira eta 60.873 asilo-eskatzaileak. Joera orokorrarekin alderatuta, Grezian asilo-eskatzaileen kopurua handiagoa da pertsona-kopuruagatik. Joera horrek Greziako mugan bizi den errealitatea islatzen du; izan ere, milaka pertsona harrapatuta geratzen dira hilabeteetan edo urteetan, asilo-prozesuak noiz ebatziko zain.

Greziaren kasuan, errefuxiatuen jatorrizko hiru herrialde nagusiak Siria (36.448), Afganistan (21.456) eta Irak (11.840) dira. Asiloa eskatzen duten pertsonen kasuan, jatorrizko hiru herrialde nagusiak Afganistan (19.70), Siria (5.965) eta Pakistan (5.423) dira[5].

Bestalde, 6.350 pertsona iritsi dira Greziara 2021ean (urriaren hasierara arte), 2.373 itsasoz eta 3.977 lurretik[6]. Greziako mugetatik Europara iritsitako errefuxiatuen eta migratzaileen kopuruak behera egin du azken urteotan, Greziako Gobernuak Greziako mugak itxi dituelako, Europar Batasunak babestuta. 2015ean, 861.630 pertsona iritsi ziren Greziara; 2020an, berriz, 15.696 pertsona. Joerek adierazten dute aurten kopurua are txikiagoa izango dela.

Datu hauek, Europako mugetan gertatzen dena aztertzerako orduan kritikoagoak izateko eta hobeto ulertzeko aukera ematen digutela uste dugu. Kasu honetan, Espainian eta Grezian zentratu gara. Espainian, hurbiltasunagatik. Grezian berriz, elkarlana egin dugun pertsonak bertako mugetan aurkitzen direlako. Izan ere, EREIrekin beraien esperientzia pertsonalak partekatu dituztenen gehiengoak Greziako mugetatik egin dute. Horrela, zifrak eta istorio pertsonalak bateratuz, errealitate migratzaileak modu integralago batean ulertzen lagun diezagukeela uste dugu.

 

[1]https://data.unhcr.org/en/documents/details/84312

[2]https://data.unhcr.org/en/situations/mediterranean

[3]http://www.interior.gob.es/documents/642012/11504833/Avance_proteccion_internacional_2020_12_31.pdf/8f090c81-6b54-46fc-9ebd-858dc419869e

[4]http://www.interior.gob.es/documents/642012/13036726/Avance_proteccion_internacional_2021_08_31.pdf/a49e84c1-1e2b-4aff-980e-c6145caedcbd

[5]https://data.unhcr.org/en/documents/details/88966

[6]https://data.unhcr.org/en/situations/mediterranean/location/5179